

Ekainaren 28an denak kalera
Ekainaren 28an, nazioarteko gay, lesbiana eta transexualen askapenerako eguna aldarrikatzeko eta ospatzeko eguna da Aralarrentzat. Azken urteotan sozialki zein lege aldetik aurrerapauso nabarmenak eman badira ere kolektibo honi begira, oraindik egiteke lan asko dagoela iritzi dio alderdi abertzaleak, eta egungo errealitatea gainditzeko neurriak eskatu ditu. Normalizaziotik urrun gaude, eta oraindik ugari dira gure inguruan gertatzen diren diskriminazio egoerak, nabarmena bereziki lan munduan, herri txikietan, nerabe eta gazteen artean ematen direnak, eta nabariagoak lesbiana eta transexualen kasuan.
Hainbat eskubide lortu dira, eta horretan ezinbestekoa izan da gay, lesbiana eta transexualen kolektiboak urteetan egindako lana. Oraindik, baina, legeak berak hutsune nabariak ditu, bereziki transexualen kasuan. Egungo legeak psikiatrizaziora behartzen du, eta gaixotasun mentaltzat hartu, transexualitatea genero disforia moduan hartzen baitu.. Lesbianak gizartetik ezabatuak izaten dira maiz, eta arlo horretan ere eragin beharra nabarmendu du Aralarrek.Lesbianek diskriminazio bikoitza jasaten dute, lesbiana diren neurrian, baina baita emakume diren neurrian ere. Instituzioetatik gizartean ematen diren diskriminazio egoerak gainditzeko lan gehiago egiteko premia aldarrikatzen du Aralarrek ekainaren 28aren atarian, eskoletan heziketa landuz, homofobia eta transfobian bitartekotza landuz eta gizartea sentsibilizatuz, besteren artean.
Egoera horiek are nabariagoak dira herri txikietan, eta gay, lesbiana eta transexual askok hirietara joan behar izaten dute, halabeharrez. Kontzientziazio kanpainak, bitartekaritzarako baliabideak, sexu heziketa programak eta beharrezkoak diren lege aldaketak egitea eskatu du Aralarrek.

